XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

B) Espirituaren emaitzak Sendotzaren bidez.

Sendotza Espiritu Santuaren sakramendua danez, Sendotzatik Eleizari datorzkion emaitzak, Espirituaren emaitz berberak izango dira.

a) Batasuna.

Espiritu Santuak Eleizari batez ere eta lendabizi batasun bat damaio.

Espirituak egiten du Eleiza BAT; Eleizak duen batasunaren oinarria ta iturria, Espiritu Santua da.

Bainan batasun onek alako kidetasun batean oinarriturik izan bearko du; Espirituak, Eleiz osoaren onari begiratuz, erantzukizun berezia damaio kristau bakoitzari; bakarkako erantzukizun guzti auek egiten duten multzoari esker, bete dezake Eleizak eman zaion eginkizuna.

Sendotzak kristauari ematen dizkion ezaugarri galduezina eta grazia lendabizi Eleizaren batasunerako ematen zaizkio, Eleiz osoaren onerako.

b) Kristoren aitormena.

Eleizak duen eginkizun nagusia, Kristoren lekuko izatea da, gizartean Kristoren aitormena eman.

Zer ikusi aundia du Espirituak eginkizun ontan.

Jesusek bere ikasleak utzi aurretik, Espiritu Santuarengan bataiatuak izango zirala, adierazi zien; Espirituak indarrez jantziko zituala, alegia, munduan zear bere Maixuaren testigu izan zitezen.

Espiritua izan zan gizon bildurti aiei erri-agintariei erantzuteko kemena eman ziena; Espirituari esker, Esteban eta Tarso-ko Paulo arrixku guziak, eriotza bera ere, jasateko gertu ikusten ditugu, Kristo aitortzearren.

Espirituaren aitormenak bi bide ditu: Espirituak, Berak egiten du Kristotaz aitormen; eta Espiritu beraren indarrez ematen dute ikasleak Maixuaren berri.